2011(e)ko apirilaren 22(a), ostirala

Patrice Dumora- Watson (2008)



Landesetan sortu zen Patrice Dumora “Watson”. Musikaren itsas zabalean abiatzeko itsasontzia, gitarra, 15 urterekin eskuratu zuen. Neil Young kantaria zuen ortzi-mugako artizarra. Gazte anitzen kasuan bezala, eskola eta ikastetxearen inguruan eman zituen lehen urratsak publikoaren aitzinean.
“Pierre, Pierrot eta Watson” taldearekin izan zuen aukera, lehen aldiz, kantaldi handi batean parte hartzeko (1975ean Tarbesen), Paco Ibañez, Isabel Parra edo Patricio Castillo bezalako kantarien ondoan. Haien aztarna segitu nahi zuten. Franco hil berria zen eta musika aldarrikapenen bozgorailu zen kantaldietan. Euskal kantuaren oihartzuna Watsonen belarrietara heldu zen.
Garai hartan, Ipar Euskal Herrian ez zen estakuru handirik behar kantuan aritzeko. Jendeek naturaltasun osoz kantatzen zuten ostatu edo karriketan. Kantua ez zen oholtzako kantaldira mugatzen. Landesetan edo Okzitanian folk musika zen nagusi. baina Euskal Herrian euskal rockaren suspertze garaiak izan ziren.
Horrek zirrara berezia eragin zion eta euskaraz kantatzen hasi zen, Juan Paquito taldearekin. 1980. urtea zen eta lau urtez aritu zen.
Hurrengo jauzia luzeagoa izanen zen denboran. Zortzi urtez Gazteok taldearekin jo zuen, nagusiki Ipar Euskal Herrian. 1992an utzi zuen taldea. Baina Gazteok taldearekin Euskal Herrian zehar ibiltzeko aukera izan zuen. Bizkaian egindako lehen kontzertua Bakion egin zuela gogoratzen du. Lehen urrats haren ondotik bertze anitz jinen ziren. Dantzaldiak animatzen zituzten eta lau haizetara ibiltzen ziren astebururo.
Hurrengo urtean talde mitiko batean sartu zen Watson, Akelarre Taldean. Itsas bidaia luzeak egiten dituzten itsasontzien legez, abentura haren emaitzak oparoak dira. Zortzi urtez ahotsa eta akordeak eskaini zizkion taldeari eta bost CD izan ziren ostera haren uzta. Akelarre taldean jotzen hasi zelarik, AEKn ziharduen euskara ikasten.
Hastapenean kantuak gogoz ikasten zituen eta jende ugarik euskara zekiela uste zuen. Bidaia hori ere porturaino eraman zuen eta gaur egun euskarazko kantuak egiteaz gain, kantuen hitzak ere euskaraz sortzen ditu. Euskara eta rocka esku-makil sendoak izan dira bere musikagintzan. Oraingoan pop-rockaren itsasoan murgildu da. Akustikaren ur sakonetan igerika egiten du. Aldian kantuko Bobik etxeko inguruetatik duen zuhurtziaz, abantzu zola laztandu gabe. Aldian Zaldi beltzaren irmotasun mugagabean.
Kantua bizimodu eta jomuga du egunerokoan. Kantu irakaslea da eta kantu tradizionala zein kantu teknikak erakasten ditu, Arrangoitzen, Hazparnen zein BABn. Egutegia beltzez marratzen segituko du, kantu ibilbide osoan emandako urratsen lekuko isilak bihurtzeraino. Ostatuetan, elkartasun ekitaldietan edo kantaldietan, Watsonen irudia eta boz bereziak asteburuak hornitzen ditu. Talde eta kantari ezagunen bertsioen altxorrari, bere baitako perla erantsi dio Watsonek, disko berri honen eskutik. Eta musikaren abenturan portu berri bateko giroa kolore eta hots sentiberaz jantzi du. Sugea bezala, hondamenak irentsiz eta ezkatak eguzkitan gozaraziz.
WEBGUNEA

Abestiak
1. Egutegia
2. Dorrea
3. Zergatik? Ez Dakit
4. Zubiaren Errua
5. Betia
6. Ba Al Dakizu?
7. Bele Beltza
8. Leyla
9. Zaldi Beltzaren Dantza
10. Zer Gertatu Zaio Bobiri?


Jaitsi

iruzkinik ez: