2011(e)ko urriaren 6(a), osteguna

Niko Etxart- Has' Dantzan (1980)



Altzürükun jaio zen Niko Etxart, eta, bi urte zituela, gurasoekin Parisera bizitzera joan zen. Dena den, beste askok ez bezala, haurra zelarik jaso zuen euskara, eta gaztaroan euskal kulturaren berri ere izan zuen, bereziki Parisko Euskal Etxearen bitartez. Eskola utzirik, kantagintzatik bizi nahi izan zuen, eta 1972. urtean musikarekin lehen harreman estua izan zuen, kantari frantses ezagun baten diskoan koruak egin baizituen. Urte berean, Tinka izeneko taldea sortu zuen, beste bi lagunekin batera.
Handik bi urtera, 1974. urtean, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Ordurako ideia ausart bat zuen buruan: rocka egin nahi zuen, euskaraz. Baina giroa ez zen horretarako sobera aproposa, are gutxiago Zuberoan. Kantagintza tradizionala zen nagusi, eta hortik kanpoko guztiak mespretxatua izateko arriskua zuen. "Nik artean Euskal Herrira etortzea eta guztiz bide hori hartzea erabaki nuen, rockaren bidea erran nahi dut. Garai hartan rockaren bidea zen gaitzena. Gaurko eguna hartzen badugu, gaur egun errazena da metal, techno edo ez dakit zer egitea, baina garai hartan ez zen posible euskaraz egitea pentsatzea ere. Hori traizioa zen, garai hartan ere ezin zen egin. (...) Etsai asko ziren. Etsaiak ziren, alde batetik, zinez kontserbadoreak ziren euskaldun kulturakoak, bertsolariak-eta barne. Garai hartan oso kontra ziren. Gero, apaizak ere kontra ziren... denak gure kontra ziren".
Nolanahi ere, Etxartek ez zuen etsi, eta Jean anaiarekin eta lehengusu batekin, Odol Berri taldea sortu zuten 1974an, eta Iparraldean oso ezaguna egin zen lehen singlea plazaratu. Ondoren, Ximinorak osatu zuen, berehala arrakasta handia lortu zuen taldea. Berez, plaza taldea zen, baina egindako bertsioek aukera eman zioten bere nahia gauzatzeko, rock abestiak euskaraz emateko, alegia. Zeregin horretan ez zegoen bakarrik; 1973an, Mixel Ducauk eta Anje Duhaldek Errobi taldea sortu zuten: euskal rock-and-rolla martxan zen.
BADOK

Abestiak
1. - Has' dantzan (Hitzak eta doinua: Niko Etxart)
2. - Xahakoa (Hitzak eta doinua: Niko Etxart)
3. - Holzarte blues (Hitzak eta doinua: Niko Etxart)
4. - Herots! (Hitzak eta doinua: Niko Etxart)
5. - Euskal rock & roll (Hitzak eta doinua: Niko Etxart)
6. - Baga, biga, klik! (Hitzak: Herrikoiak-Doinua: Niko Etxart)
7. - Ixiltasunean (Hitzak eta doinua: Niko Etxart)
8. - Gizon gazteak ezkontzeko (Hitzak: Herrikoiak-Doinua: Niko Etxart)
9. - Ametsetarik (Hitzak: Jon Mirande-Doinua: Niko Etxart)


Jaitsi Mediafire

iruzkinik ez: