Ez dira leku guztiak berdinak, baina, agian, baten batek esan dezake edozein toki dela bestea bezain ona. Ideia honi aurre egingo lioke zahatoaren legeak; hots, zahatoan baino pisu gutxiago omen dauka ardoak sabelean. Dena den, horretarako ere mugak daude. Bestelako errealitateen aldeko borrokak garamatza itzulian berriro planetara, beronen neurri naturaletara. Mugatik hitz egiten ari gara.
Beti gertatzen da. Badaukagu joera aristoteliko bat gauzak sailkatzeko, muga batera edo bestera eramateko. Hemen ere mugatik dihardugu. Mugaren mugan beste muga batzuk aurki daitezke, hard-corean legez. Hard-corea mugako edo muturreko musika da baina punta hori erro anitzez osaturik datorkigu. Mugatik taldeari beste horrenbeste gertatzen zaio euren musikaren garapenean.
Laukote izatetik taldea eratu zutenean, 1996an, hirukora igaro dira Intxaurrondo auzoko donostiar hauek. Hango Gaztetxean eman zituzten lehenbiziko urrats musikalak. Izena laburtu zuten hasiera bateko Mugatik At, Mugatik soilean geratuz. Beste talde batzuetan jo izan dute, hala nola: Euripean Sua, Gurutze Beltzak edo Utikan. 1999an entsaio gelan grabatutako maketak hainbat ate ireki dizkio taldeari eta honi zuzenekoetan duten indarra gehituko bagenio, ondorioak nabarmenago ikusiko genituzke. Disko honekin batera beste aipamen berezi batzuk lortu dituzte, esate baterako 2000ko Villa de Bilbao lehiaketan metal arloko bigarren saria jaso dute, Jarraik antolatutako sarian bigarren sailkatu ziren...
1999ko udan Usurbilgo Basakabi estudioetan hasi ziren grabatzen Imanol Mendia zutela teknikari eta azken ikutuak aurtengo apirilean eman dizkiote.
Hard-corearen mugetan dabiltza. Argiaren intentsitatearekin jokatu daitekeen bezala, Mugatiken hard-coreak badu indar aniztasuna. Zurrunbiloak eta energia piztuketak, argi koaguloak, une bortitzak eta oronahasteak batzen dira beste tarte isil, samur eta lasaiekin. Bi mugetan erreparatuz, sakonduz. Bizitzaren barruko desioak kanporatuz datozen eran. Batzuetan arin besteetan motel baina mutur-muturreko bizipozarekin; bukaeraren ondorioaz jabetzen. Isiltasuna balekoa bada, soinu horma erraldoi eta sakonari ere tartea egin diezaiokegu. Baxuaren eta bateriaren bortiztasuna egurrezko lurrean eserita gehiago sentitzen ditugu, hezurren kontaktoan nabarmentzen ditugulako grabeak. Gitarraren une batzuetako minimalizazioak eta honen jira-biratasunak mundu hinoptikora garamatzate. Ahotsak sare berean daude harrapatuta. Lakar, min-emale, suntsitzaile. Gero suabe. Kontramelodia eta melodia. Kolpea eta laztana. Bitzitza eta heriotza. Kolpe zorrotzez barruak jotzen dizun laztana. Baina askotan ez dago tarterik. Ez dago kolore grisik. Hard-corea metal zipriztin adoretsuekin. Hard-core zaparrada iraungigaitza une horretan. Momentuaren indar korapiloa. Gazteluak ez dira airean egiteko, ezin da boterea bilatu, honen askatzea baino. Era bortitzean, naturalean, inoren menpekotasunik gabe. Errespeturik gabe.
Non da hasiera? Non da bukaera? Hitzen mugak gaindituz. Guneak bilatuz.
Abestiak
01. Zer
02. Nahaste- Borrastea
03. SOS Beheiak
04. Iruzurra Mokoka
05. Lehertu Ezinik
06. Zure Bidea
07. Non Bizi
08. The Rubbish World
09. Makina Manipulatzaileak
10. Guda
11. Garaipen Bidea
Jaitsi
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina