2011(e)ko urriaren 10(a), astelehena

Lau Behi- Bi (1996)



Donostiako laukote honek rock&roll, rhythm&blues eta funk doinuak jorratu zituen lehen diskoetan, baina urteak pasa ahala power-pop musikaren ildora gerturatu zen. Hiru disko luze eta Txakun taldearekin partekaturiko EP bat argitaratu zituen. Taldekideen artean Mikel Azpiroz zegoen (Elkano Browning Cream), azken urteetan estudioko musikari gisa nabarmendu den teklatu jotzailea.
Lau Behi taldea 1994ko udan sortu zuten Mikel Azpiroz (gitarra, hammond organoa eta ahotsa), Alberto Bosch (baxua), Juanra Etxaburu (bateria) eta Txenan Calvok (gitarra). Donostiako pop eta blues taldeetan aritutakoak ziren horietako batzuk, Blues Stop taldean esaterako, eta gisa horretako doinuak jorratzeko osatu zuten talde berria. Donostia inguruko taberna eta areto txikietan emanaldi ugari egin ondoren, berehala argitaratu zuten lehen diskoa, Lau behi (IZ, 1995). Hammond organoa, pianoa eta gitarra elektrikoaren gainean eraikitako rock&roll eta rhythm&blues kutsuko kantuak aurkezten zituen laukoteak estreinako lan hartan. Daniel Lazerus soinu hartzaile estatubatuarrak grabatu zuen diskoa; Joe Cocker, Violent Femmes edota Mike Oldfieldekin lan egindakoa da Lazerus. Gehienbat Gipuzkoan izan zuen oihartzuna diskoak, eta bertan eman zituen kontzertu gehienak, tarteka Bizkaira, Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira atera arren.
Lau behi-bi (IZ, 1996) aurrekoa baino gitarreroagoa gertatu zen; kantuak landuagoak eta jantziagoak zeuden, eta rhythm&blues musikaren eraginari eusten zion (Allman Brothers, Steve Ray Vaughan...), baina funk eta country ukitu koloretsuak ere erakusten zituen. Kontzertuz kontzertu, ahoz aho, pixkanaka-pixkanaka taldearen izena hedatuz joan zen, betiere Euskal Herrian garai hartan gehien entzuten ziren musiken estiloetatik kanpo egon arren.
Taldeak kontzertuetan etenaldia egin zuen 1998an, hurrengo lana prestatzeko. Tarte horretan Txenan Calvok taldea utzi zuen, ez baitzuen oso gustuko estilistikoki hartzen ari zen bide berria. Izan ere, power-pop aldera jotzen zuten Lau Behiren kantu berriek, indarra melodietan jarriz.

Abestiak
1. - Askatasunik (Hitzak eta musika: Mikel Azpiroz)
2. - Aha (Hitzak eta musika: Lau Behi)
3. - Gelditu da denbora (Hitzak eta musika: Mikel Azpiroz)
4. - Berdin da (Hitzak eta musika: Mikel Azpiroz)
5. - Presio gehiegi (Hitzak eta musika: Lau Behi)
6. - Atertu gabe (Hitzak eta musika: Alberto Bosch)
7. - Mamua (Hitzak eta musika: Mikel Azpiroz)
8. - Kafe koloreko Mercedesa (Hitzak eta musika: Mikel Azpiroz)
9. - Ez zaitut gehiago behar (Hitzak eta musika: Mikel Azpiroz)
10. - Beharra (Hitzak eta musika: Alberto Bosch, Mikel Azpiroz)
11. - Ume eroak (Hitzak eta musika: Mikel Azpiroz)
12. - Iritsi da (Hitzak eta musika: Alberto Bosch, Mikel Azpiroz)


Jaitsi Rapidshare

Milesker Piparmin-i diska igotzeagatik.

iruzkinik ez: